Urdulizen metroa lurperatzeko obrei buruzko informazio-bulegoa ireki du BGPk

BGPk metroa lurperatzeko obrei buruzko informazio-modulua ireki du Urdulizko geltokitik gertu. Bulego horretan erakusketa txiki bat ere badago, eta trenbide-pasagunea kendu eta lurpeko geltoki berria eraikitzeko proiektuari buruzko agiri-sorta, planoak eta infografiak daude ikusgai erakusketa horretan.

BGPk metroa lurperatzeko obrei buruzko informazio-modulua ireki du Urdulizko geltokitik gertu. Bulego horretan erakusketa txiki bat ere badago, eta trenbide-pasagunea kendu eta lurpeko geltoki berria eraikitzeko proiektuari buruzko agiri-sorta, planoak eta infografiak daude ikusgai erakusketa horretan. Gaurtik aurrera, informazio-gune horretan pertsona batek lan egingo du, eta behargin horrek auzotarren zalantzak argitzeko ardura izango du, hiritarrek udalerri honetan urte eta erdian burutuko den obrari buruz egiten dituzten erreklamazioak edota iradokizunak bideratuz.

Urdulizko informazio-gunea hiru hilabetean egongo da zabalik, arratsalde guztietan, astelehenetik ostiralera. Herri horretako auzotarrek Aita Gotzon kalean dagoen Bilboko Metroaren sareko langadun azken pasagunea kentzeko proiektuaren xehekapenei buruzko informazioa jaso ahal izango dute, erakusketa bisitatuz, 901 440 445 informazio-telefono zenbakira deituz edo urduliz@cotrabi.eus helbide elektronikora mezua bidaliz. Bulego berri honen aurkezpen-ekitaldira BGPren zuzendari kudeatzailea den Manu Tejada eta Javier Bilbao Urdulizko alkatea joan dira.

Ekimen hau baliatuz, BGP metroa lurperatzeak ezinbestean eragingo dituen eragin kaltegarriak ahal den neurrian konpentsatzen ahaleginduko da, zeren eta obrok hirigunetik hurbil-hurbil egitekoak baitira. Obra horiek, Plentziaren eta Sopelaren arteko tren-zerbitzua 18 hilabetetan kentzea eragingo dute, obrok irauten duten artean behintzat. Alternatiba legez, apiriletik aurrera ordezko autobus-zerbitzua jarriko da abian, metroak dituen ordutegi eta maiztasun berekin. Plentziako eta Sopelako geltokietan Bilboko Metroko beharginak egongo dira autobusen funtzionamenduari buruzko informazioa ematen, eta Urdulizen Barik txartela errekargatzeko makina bat instalatuko da.

Urdulizko obren bidez, metroaren sarean dagoen azken trenbide-pasagunea kenduko da, trenbideko 543 metro lurperatu ondorik. Une honetan, Bilboko Metroaren ustiapenari dagokion egokitzapen egokiei ekin zaie trenbidean bertan, katenarian, seinaleztapenean, komunikazioetan eta AMN (Aginte Mahai Nagusia) arloan. Aste honetatik aurrera, obrako materialak pilatzeko eta obraren perimetroa hesitzeko lehenengo lanak abiaraziko dira; ataza horiek egin ostean, lehenengo indusketa-lanei ekingo zaie. Obra-planaren arabera, apirilean etengo da Plentziako eta Sopelako geltokien arteko tren-zerbitzua.

Obra hau BGPk eta ETSk (Euskal Trenbide Sarea) burutuko dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzabideaz; bi erakunde hauek, erdizkan, lurperatzea gauzatzeko behar diren 21 milioi euroko kopurua ordainduko dute, Garraio Partzuergoaren bitartez.

Urdulizko hirigunean metroa lurperatzeak garapen-aukera ederrak ekarriko dizkio Uribe- Kostako udalerri honi. Lurperatzearen ondorio gisa, 6.000 metro karratutik gorako josteta-gune berria sortu ahal izango da, eta horrez gainera, lurpeko geltoki berria ere eraikiko da, “fosterito” eta guzti; geltoki horrek zuzeneko igogailua ere izango du, kalea eta nasa bakarra elkarlotuko dituena. Beste alde batetik, Bilboko Metroak bere zerbitzuaren fidagarritasuna hobetuko du 1. Linean, ibilgu osoko 45 kilometroetatik gorako tartean geratzen den azken trenbide-pasagunea kenduko baita.

Tuesday, 10 March, 2015