CTB-ek informatzen du

15/05/2017

Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzak egin duen lehen bileran onetsi du 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa,

Inplikatuta dauden alderdi guztiek Lankidetza Hitzarmena sinatu ondoren, gaur goizean egin dute Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzaren (BMA) lehenengo bilera; organo hori lurraldeko garraioaren arloko erakundeen arteko lankidetza organoa da.

Bilera horretan lankidetza organo berriak bi erabaki garrantzitsu hauek hartu ditu: 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa idazteko agindua ematea eta Herritarrei Laguntzeko Bulego Integral berriak martxan jartzea.

Abian jarri berri den Bizkaiko Mugikortasun Agintaritza berria Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren arteko esfortzu eta lankidetzari esker sortutako erakundea da. Zenbait urtez zain egon behar izan gara Bizkaiko garraio publikoa hobetuko duen administrazio publikoen arteko lankidetza organoa sortu ahal izateko beharrezko babes politikoa izan arte.

Gaur goizeko ekimenarekin hasierako faseari bukaera eman zaio eta beste fase berri bat hasi da; honetan, garraio publikoaren koordinazioan aurrerapenak egingo dira baliabideak optimizatzeko, bikoizketak saihesteko eta lurralde eta gizarte kohesio eraginkorragoaren alde egiteko. Garraio publikoaren zerbitzu eta azpiegituren planifikazio eta koordinazioari eragiten dieten erabakiak lankidetza organo horretan eztabaidatuko dira eta erabakiak aho batez hartuko dituzte ordezkatutako erakunde guztiek, bakoitzak bere eskumenak mantenduko baititu.

Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzak lan egingo du Tarifak Bateratzeko Sistema Ezartzeko aurrerapenak egin daitezen, Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) ere defendatutakoarekin bat eginez. Horrez gain, zerbitzua eraginkorragoa izateko eta garraio publikoari bideratutako inbertsioak lehenesteko ere lan egingo du.

Hauek dira BMA osatzen duten kideak: Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkari: Antonio Aiz (Garraio sailburuordea), Janire Bijuesca (Garraio Planifikazioaren zuzendaria) eta lmanol Leza (EuskoTreneko zuzendari nagusia); Bizkaiko Foru Aldundiko hiru ordezkari: Vicente Reyes (Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatua), Vidal Martínez, (Garraioko foru zuzendaria) eta Aitor Cobo, (Finantza foru zuzendaria); Bilboko Udaleko bi ordezkari: Juan Maria Aburto (Bilboko alkatea) eta Alfonso Gil, (Mugikortasun eta Iraunkortasuneko zinegotzia), eta BGPko ordezkari bat: Manuel Tejada (zuzendari kudeatzailea).

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Bizkaiko Lurraldeko foru diputatua, Vicente Reyes, izango da erakundeen arteko lankidetza organoaren presidentea.

Aurreikuspenen arabera, etorkizunean bidaiarien hiri garraio kolektiboari lotutako zerbitzuak ematen dituzten Bizkaiko udalerriak eta Estatuko administrazioa ere atxiki ahal izango zaizkio Hitzarmenari. Organoak aurretik hala erabakitzen baldin badu, enpresa publiko erakundeei dagozkien saioetan hitz egiteko aukera izango dute hauek: Sustapen Ministerioaren mende dagoen eta Trenbide Azpiegiturak Administratzen dituen ADIF enpresa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) eta garraio operadoreak.

• 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa
BMAk 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa sortzeko agindu du. Azterketa horretan lurraldeko garraio publikoak gaur egun duen egoeraren diagnosia egin beharko da hiru ikuspuntu hauetatik: ekonomikoa, teknikoa eta juridikoa. Horretarako, garraiobide ezberdinen balizko gabeziak, gainjartzeak eta bikoizketak aztertu beharko dira.

Plan handia da, eta horri esker lurraldeko mugikortasuna hobetzeko neurri berriak ezarriko dira. Horien artean, lehentasuna emango zaie garraioaren azpiegituretako inbertsioei eta bateratutako tarifa sisteman sakonduko da. Horretarako, ordainketa komunaren eredua, zonakatzea, garraio-aldaketak eta kolektiboak homogeneizatzea landuko dira besteak beste.

Neurriak definitu behar dira, besteak beste hauetarako: pertsonen garraio publikoko sistema optimizatu eta arrazionalizatzeko, garraioaren azpiegiturak aztertzeko eta beharrezko inbertsioei lehentasuna emateko, garraio kolektiboa sustatzeko, ibilgailu pribatua ahalik eta gutxien erabiltzea sustatzeko edo berariaz autobus edo bizikletentzat diren ibilbideak definitzeko.

• Herritarrei Laguntzeko Bulego Integralak
BMAk hartu duen beste erabakietako bat “leihatila bakarra" ezartzeko aurrerapausoak egitea da Barik txartela eta partzuergoko titulu guztiak kudeatzeko. Horretarako, pixkanaka-pixkanaka Herritarrei Laguntzeko Bulego (HLB) berriak sortuko dira garraio publikoari begira interesgarriak diren lekuetan.

HLB berriak operadoreek gaur egun dituzten informazio puntuei gehituko zaizkie, horiek funtzionatzen jarraituko baitute. Erabiltzaileei arreta emango die eta ez dute kontuan hartuko non egin dituzten birkargak, nondik bidaiatzen duten eta gorabeherak gertatu diren lekuak. Metroko ohiko bulegoek edo Bizkaibuseko kabinek ematen dituzten zerbitzuak osatzeko zerbitzua izango da hain zuzen ere.

“Lehiatila bakarraren” eredua San Mameseko bulegoa da; bertan sistemako operadore guztietako gorabeherak lantzen dira eta in situ ebazten dira zenbaitetan, eta beste batzuetan BGPra bidaltzen dira bertan ebazteko edo dagokion erakundera bideratzeko. Gaur egun lortu nahi dena da sistema horrekin lan egiten duten operadore ezberdinen HLB guztiek modu berean lan egitea. Horretarako, BGPk aplikazio berri bat sortuko du, hain zuzen ere HLB guztiak batera lanean egoteak sortzen dituen erronkei aurre egiteko. Hala, sistemaren HLB guztietako jarduketa komunak aplikazio batean integratuko dira, eta erregistro bakarrean egongo dira arreta eta gorabehera guztiak, Barik aplikaziokoekin batera. Gainera, etorkizuneko HLBetan erabiltzaileei arreta emateko telefono zenbaki bakarra egongo da.

Modu horretan, herritarrek Bizkaiko garraio publikoaren inguruan duten pertzepzio bateratua handitzea lortu nahi da, egin beharreko kudeaketak eta informazio bilaketak “puntu” bakarrean gauzatzeko aukera ahalbidetuz.

EranskinaTamaina
PDF icon 170515_mugik_agintar.pdf100.64 KB
03/05/2017

BGP-k lehiaketa bat antolatuko du katenaria mantentzeko makina bat eskuratzeko eta Metroko 24 unitateren ateak hobetzeko

Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) Kontseilu Nagusia gaur eguerdian bildu da Bilboko egoitzan, eta bertan onetsi du trenbideetatik doan katenaria mantentzeko dresina edo makina berri bat hornitzeko kontratuaren lehiaketa deitzea 1.270.000 euroko zenbatekoan, eta urtebeteko epean, urteko bi partidatan. Gainera, 24 metro-unitateren bidaiarien ateak egokitzeko lizitazioa deitzea onetsi dute, 1.520.000 euroko zenbatekoan, eta lau urteko epean, urteko bost partidatan.

Dresina berriari dagokionez, trenbideetatik dabilen katenaria mantentzeko makina espezifiko bat da, eta 1.270.000 euroko aurrekontua dago horretarako, urteko bi partidatan banatuko dena, bat aurten eta bestea 2018. urtean. Modu jarraituan erabiliko da urteko gau guztietan zuzentzeko eta prebentziozko mantentze-lanak garatzeko, bai eta Metro Bilbaoren azpiegituran sortzen diren beste betekizun batzuetarako laguntza-zerbitzuetarako ere. Berezia da, bi bidetakoa baita, eta gomazko gurpilekin errepidetik zirkulatu ahal izango du, baina baita trenbidetik ere ohiko diplorys direlakoekin.

Guztira, 500 serieko bost bagoiko 13 tren-unitateren eta lau bagoiko 11 tren-unitateren ateak egokitu beharko dira, hau da, 24 ate lau bagoiko konposizioan eta 30 ate bost bagoiko konposizioan (54 ate). BGPko Kontseilu Nagusiak jarduketa hori 1.520.000 euroko zenbatekoan kaleratzea onetsi du. Lau urteko epean egiteko lana izango da, urteko bost partidatan.

EranskinaTamaina
PDF icon 170503_mak_kn.pdf46.5 KB
10/04/2017

Berriz irekiko da Urdulizko Metro-Geltokia

• 21 milioi euroko inbertsioa egin eta 24 hilabeteko egikaritze-epea burutu ondoren, behin betiko kendu da metro-sarearen azken trenbide-pasagunea.

• Guztira, 543 metroko luzerako tartea lurperatu da linean, geltokia barne, zeinak nasa bakarra daukan bi trenbideetarako, 6 metroko zabalerakoa.

• Urdulizko biztanleek lurzoru publikoko 6.000 metro karratu irabazi dituzte. Sopelaren eta Plentziaren bide-trazadurak ere hobetu dira obrek utzitako esparruari esker.

• Gaur kenduko da Sopela eta Plentzia lotu dituen autobus-zerbitzua, 1.680.000 euroko gastua ekarri duena.

Geltokia berriz irekitzeko ekitaldia egin da, eta bertan izan dira Bizkaiko Ahaldun Nagusia Unai Rementeria; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua Arantza Tapia; Urdulizko alkatea Javier Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea Antonio Aiz; Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatua Vicente Reyes; BGPko zuzendari kudeatzailea Manu Tejada; Metro Bilbaoko zuzendari nagusia Eneko Arruebarrena; ETSeko zuzendari nagusia, Aitor Garitano; Sopelako Alkateak, Gontzal Hermosilla; eta Plentziko Alkatearen ordez, Aizea Agiriano.

Urdulizko geltoki berria aurrekoaren kokapen bera du; baina, orain, erabat lurperatuta dago; bestalde, igogailua dauka eta kanpoko fosteritotik sartzen da bertara. Geltokirako sarrera berorren gainean sortu den hiri-espazioaren kota berean dago. Esparru horrek estaltzen du trenbidearen igarobideak orain arte utzitako “orbaina” udalerriaren hirigunean.

Gaurtik aurrera, Urdulizek garapenerako hainbat aukera izango ditu: aisialdi-gune seguru bat, lurpeko geltoki irisgarri bat, mugikortasun hobea trenbide-trazaduraren inguruan, pertsonentzako eta ibilgailuentzako segurtasun handiagoa... Ildo horretan, BGPk hitzarmena izenpetu du tokiko udalarekin, eta 400.000 euro emango dizkio lurperatze-lanen ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko.

Sopelaren eta Plentziaren arteko metro-zerbitzua etenik egon dela baliatuz, hainbat hobekuntza-lan egin dira Urduliz−Plentzia eta Urduliz−Sopela tarteetan.

EranskinaTamaina
PDF icon 170410_urduliz.pdf74.64 KB
31/03/2017

Gaurtik aurrera Barik txartelarekin bidaiatu ahal izango duzu Donostiako Udal-Autobusetan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) jakinarazi du gaurtik aurrera Barik txartela erabili ahal izango dela Donostiako udal-autobusetan, DBus udal-enpresakoak diren horietan, alegia. Elkarreragingarritasunari buruzko proiektua joan den otsailean hasi zen, 45. linearekin (Renfe Bus geltokiak-Antigua-Aiete). Izan ere, linea hori aukeratu dute pixkanaka-pixkanaka egin den ezarpenaren abiapuntu gisa; astez aste ezarri da, gaur arte. BGPk, halaber, gogorarazi nahi du Gasteizko tranbian ere Barik txartelarekin ordaindu daitekeela 2014ko abendaren 22tik.

Barik txartela erabiltzen duten pertsona guztiek Donostiako udal-autobusen sare guztian erabili ahal izango dituzte bai tarifa hobaridunak, bai pertsonalizatu gabeko txartelak; gainera, hainbat aldiz balioztatu ahal izango dira. Horretarako, Dbus enpresako autobusetan ordaintzeko makina berriak instalatu dira eta gidariek berariazko prestakuntza jaso dute. Makinak gidarien ondoan kokatu dira eta Barik-eko logoekin identifikatu dira.

Neurri horrekin aurrera egin da Euskadin txartel bakarra izateko egitasmoan; horren helburua egun dauden hiru garraio-txartelak —BAT, BARIK eta MUGI, bat lurralde bakoitzeko— euskal garraio publikoaren sare guztian berdin erabili ahal izatea da. Proiektu hori erakunde eta operadore askoren arteko lankidetzari esker burutu da; besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Garraio Agintaritza, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (TGG), Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP), Araban BAT txartela kudeatzen duen erakundea eta Dbus.

20/03/2017

BGPk eta Burgosko Udalak hitzarmena izenpetu dute.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) eta Burgosko Udalaren Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuak hitzarmena sinatu dute gaur goizean BGPren egoitzan, Bilbon; hain zuzen ere, Burgosko garraio publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzen laguntzeko eta BGPren esperientzia helarazteko. Hitzarmen horren bitartez, BGP lankidetzan arituko da aipatutako udalarekin, Bizkaiko ereduaren antzeko beste bat ezartzeko hainbat alderdiri dagokionez: eskema, ezaugarriak, garapena, teknologia, zehaztapenak...

Ez da administrazio batek BGPri lankidetzan aritzeko eskatzen dion lehen aldia, ildo horretan, haren iaiotasuna (edo know-howa) ezartzeko. Izan ere, Bizkaiko Garraio Partzuergoak lankidetza-erabakia izenpetu zuen 2015eko abenduan Centro Tecnológico en Logística Integral de Cantabria fundazioarekin, kontakturik gabeko txartela garatu eta ezartze aldera Kantabriako Autonomia Erkidegoko garraio publikoan.

06/03/2017

Tarifen integraziorako batzordeak Bizkaiko Garraio-Modu Publiko guztietarako zonakatze eta profil gehiago bateratu ditu.

Tarifen Integraziorako Batzordeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Renfe entitatearen Metro Bilbaoren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) ordezkariak dituenak, profil berriak bateratzea onetsi du. Hori horrela, dagoeneko bateratuta zeuden familia ugarien, 65 urtetik gorakoen eta gazteen kasuez gain, gurpil-aulkia duten pertsonen eta itsuen laguntzaileak gehituko dira, bai eta haurrak ere. Hau da, laguntzaile horiek eta 6 urtetik beherako adingabeek ez dute ordaindu beharko modu ezberdinetan bidaiatzeagatik: Metro Bilbao, Bizkaibus, Euskotren, tranbia eta Bilbobus.

Tarifen Integraziorako Batzordeak, halaber, Bizkaiko garraio publikoko modu guztien zonakatzea onetsi du, ohar honi erantsitako infografiaren arabera. Neurri horiek guztiak Tarifen Integraziorako Batzordearen Batzorde Teknikoa egin eta gero ondorioztatu dira, eta lurralde historikoari tarifa-integrazio moderno bat ematea dute azken xedetzat, Bizkaiko garraio publikoaren kalitateak merezi duen bezalakoa.

EranskinaTamaina
PDF icon infografia_def13.pdf1.51 MB
28/02/2017

BGPk martxoaren 8an merkaturako ditu aldi baterako txartel multimodal berriak

Bizkaiko Garraio Partzuergoak martxoaren 8an merkaturatuko ditu aldi baterako txartel multimodal berriak. BGPk informazio-kanpaina bat abiarazi du gaur titulu berriak ezagutzera emateko, hain zuzen, erabiltzaileak ohitu daitezen 3. linea martxan jartzeak ekarriko dituen titulu eta tarifa berrietara. Tituluok sinpleagoak izango dira, eta balioko dute Metro Bilbao, Euskotren eta Bilboko tranbian bidaiatzeko, eta Bizkaian erroldatuta dauden 26 urtetik beherakoen kasuan, Bizkaibusen ere erabili ahal izango dira.

Bada, hauexek dira aldi baterako titulu multimodal berriak: BIDAI 50, BIDAI 70 eta GAZTE 70, bidaia mugatuen kasuan; eta BIDAI ORO eta GAZTE ORO, bidaia mugagabeen kasuan. Hortaz, desagertuko dira aldi baterako txartel pertsonal edo jabe-txartel guztiak, bai eta BGPko garraiobide bakarreko Gazte txartelak ere, atxiki diren garraiobideetatik (EuskoTren eta Bizkaibusetik; Metro Bilbaoko urteko Gazte txartela, ordea, mantenduko da).

Gizartearentzat oro har direnek −BIDAI 50, BIDAI 70 eta BIDAI ORO− balioko dute Metro Bilbao, EuskoTren, Bilboko tranbia eta Larreinetako funikularrean bidaiatzeko. Gazteentzat direnak −GAZTE 70 eta GAZTE ORO−, berriz, aurreko garraiobideetan ez ezik, Bizkaibuseko linea guztietan ere erabili ahalko dira.

Beste ildo batean, BGPko Kontseilu Nagusiak bilera egin du gaur eguerdian Bilboko egoitzan, eta onetsi du Urdulizko Udalarekiko lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, udalak 400.000 euro jasoko ditu, udalerria zeharkatzen duen zatian metroa lurperatu izanaren ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko; hots, Bilbo Metropoliko Trenbidea elizatean lurperatzeko obren eragina izan duten urbanizazioa, zoladura, espaloiak, hiri-altzariak eta zerbitzuak birjartzeko.

Bestalde, BGPko Kontseilu nagusiak onetsi du Burgosko Udalaren proposamena, Burgosko garraiobide publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzeko lankidetzari buruzkoa. Proposamena bi aldeen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatu da. Horren arabera, BGP Burgosko Udaleko Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuarekin elkarlanean arituko da, bertan Barik eredua ezartze aldera: eskema, ezaugarriak, garapenak, teknologia, zehaztapenak etab.

Informazio gehiago: https://www.ctb.eus/eu/aldi-baterako-tituluak-barik-txartelean

EranskinaTamaina
PDF icon 170228_tit_cg.pdf56.68 KB
PDF icon folleto.pdf372.81 KB
21/02/2017

BGP-ak Plentziako Metro-geltokia birmoldatzeko obrak hasiko ditu.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BPG) dagoeneko hasi ditu Plentziako metro-geltokia birmoldatzeko obrak. Horien bidez, eraikinaren birmoldaketa integrala guzatu eta egungo alboko sarbidea ordeztuko da. Proiektuaren egikaritze-epea hiru hilabetekoa da eta 213.300 euroko aurrekontua ezarri da.

314 metro karratuko oinplano-azalera duen eraikin bat eraikiko da, laukizuzen formakoa. Hiru gorputz desberdinez osatuta egongo da: zentrala —beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea izango dituena— eta bi mutur —beheko solairua eta tailatupea soilik izango dituztenak—. Obra horien bidez, higiezinaren egitura saneatu, narriatuta dauden elementuak berritu, kanpoaldea margotu eta higiezina teilaberritu egingo da.

Bestalde, nasatik sartu eta irteteko zona berria geltokiaren albo batean kokatuko da, eta zaharra ordezkatuko du, hain zuzen ere Barrika eta Plentzia lotzen dituen errepidearen ondoan zegoena. Obrak egingo direla aprobetxatuz, itxarote-zona eguraldi txarraren ondorioetatik babestuko da; izan ere, estalita egon arren, euria eta haize-boladak zona horretara iristen ziren.

Geltokitik sartu eta irteteko zona berria hegoaldean kokatuko da, antzina Gurutze Gorriaren eraikina eta geltokiko taberna zeuden tokian (dagoeneko eraitsi direnak). Hala, erantzuna eman zaio udalak aspaldi egindako eskaera bati eta zona horretako segurtasuna handitu da, izan ere, zona hori geltokiaren ondoan dagoen foru-errepideko zirkulazioaren bizikide da.

15/02/2017

Hemendik aurrera Barik txartelarekin bidaiatu ahal izango duzu Donostiako Autobusetan

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) jakinarazi du hemendik aurrera Barik txartela erabili ahal izango dela Donostiako hiri-autobusetan, DBus udal-konpainiakoak diren horietan, alegia. Hain zuzen ere, 45. linea (Renfe Bus geltokiak-Antigua-Aiete) aukeratu da ezarpen berri horrekin hasteko. Ondoren, gainerako lineetan pixkanaka-pixkanaka ezartzen joango dira, eta hemendik udaberrira DBus konpainiako linea guztietan erabili ahal izango da. BGPk, halaber, gogorarazi nahi du Gasteizko tranbian ere Barik txartelarekin ordaindu daitekeela 2014ko abendaren 22tik.

Linea hori ez da kasualitatez aukeratu; izan ere, 45. lineak Renfe nahiz Donostiako autobusen geltokiak zentroarekin, Antigua auzoarekin, unibertsitateekin eta Aieterekin lotzen ditu. Gainera, Barik txartela duten erabiltzaile bizkaitarrek gehien erabili ohi dituzten lineetako bat da.

Neurri hori erakunde eta operadore askoren arteko lankidetzari esker hartu da; besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Garraio Agintaritza, etorkizuneko Arabako Garraioaren Lurralde Agintaritza, Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Gipuzkoako Garraioen Lurralde Agintaritza eta Dbus aritu dira lanean.

21/12/2016

BGP-k Umeen Gabonetako Parkean parte hartuko du.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Metro Bilbaorekin lankidetzan, aurten ere Umeen Gabonetako Parkean parte hartuko du. Bertan, stand bat jarriko du haurrek eta gazteek ondo pasa dezaten. Gainera, garraio publikoa zein Barik txartela erabiltzea sustatuko da bertan. Lau espazio ezberdin bereiziko dira adin ezberdinetako haur eta gazteentzako eskaintzekin: hainbat pista dituen scalextric handi bat, motorrik gabeko motoen zirkuitu bat txikienentzat, ludotekarako gune bat eta photocall bat.

19/12/2016

BGP-ko Kontseilu Nagusiak Metro Bilbao, Euskotren eta tranbian 3. linea abian jarritakoan ezarriko diren titulu eta tarifa berriak onetsi ditu; Aldundiak parte hartu du ezarpen horretan, Bizkaibuseko Gazte-trartel berriekin.

• Modu anitzeko txartel berriak sinplifikatuko dira, eta txartel berak erabiliko dira Bizkaiko garraiobide handienetako hirutan (Metro Bilbao, EuskoTren eta Bilboko tranbian).

• Titulu eta tarifak aldatu egin dira datorren apirilean 3. linea funtzionatzen hasiko delako. Bizkaia egituratuko duen linea berria izango da, eta behin betiko kenduko ditu hiru lineen arteko ontzi-aldaketa; horrenbestez, Alde Zaharreko lehenengo geltoki intermodala izango da, eta parametro berekin funtzionatuko dute linea horiek.

• Titulu eta tarifa berriek aldi baterako txartelak erabiltzen dituzten bidaiariengan izango dute eragina; bidaiari horiek guztizko kopuruaren % 22 dira (gainerako % 78ek diru-txartelak erabiltzen dituzte); hots, 45.000 pertsona hilean. Aurreikusi da zenbatekoa % 20 haziko dela urtebeteko epean.

• Bizkaiko Foru Aldundiak ezarpen horretan hartu du parte modu anitzeko Gazte-txartel berriak sartuz; gazteek Bizkaibusen ere erabili ahal izango dituzte txartel horiek, Metro Bilbao, Euskotren eta tranbiaz gain.

• Tarifa berriek lehenengo urratsa emango dute tarifa-integraziorantz. Oso aproposa da, 3. linea abian jarriko den heinean, baita beharrezkoa ere; izan ere, Metro Bilbao, EuskoTren eta Bilboko tranbiak Bizkaiko Lurralde Historikoaren garraio publikoaren % 58,1 mugitzen dute; Bizkaibusekin batera, % 74.

• Modu anitzeko txartel berriak 3. linea abian jarri baino hilabete lehenago egongo dira salgai. BGPk informazioa indartuko du jendeari arreta emateko bulegoetan, erabiltzaileak zonakatzea mantenduko duen sistema berrira ohitu daitezen.

EranskinaTamaina
PDF icon kn161219_eu.pdf57.44 KB
18/11/2016

BGP-k abian jarri du aldi baterako txartelak aldez aurretik erosteko zerbitzua.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) abian jarri du Barik txartelean txertatuta dauden aldi baterako txartelak aldez aurretik erosteko zerbitzua. Azaroaren 23tik aurrera, asteazkena, Gazte Metro, Gazte Bizkaibus, Gazte Bilbobus eta Metro Bilbao hilekoa direlako txartelak erabiltzen dituzten pertsonak hasiera-data baino lau egun lehenago erosi ahal izango dituzte txartelak. Gainera, hasiera-data erosterakoan aukeratuko dute. Garraio-modu askotan garapen ugari egin beharra ekarri duen baliabide berri horri esker, BGPk bonu horiek erabiltzen dituztenen premiei erreparatu die; izan ere, hemendik aurrera Barik txartelean diru-txartel bat, aldi baterako txartel aktiboa eta aldi baterako erreserbako txartela eduki ahal izango dituzte.

Mekanika ez da aldatuko. Aldez aurreko erosketa gaur egun Barik txartelak dituen aldi baterako txartelak kargatzeko puntuetan egin ahal izango da, hau da, metroan dauden saltzeko makinetan, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinetan, BGPren webgunean, kanpoko salmentaren bidez (kioskoak, merkataritza-establezimenduak, estankoak eta abar) eta sakelako telefonoarekin Barik NFC izeneko aplikazioaren bitartez. Azken kasuan, aldez aurretik erosi ahal izateko BARIK NFC aplikazioaren azken bertsioa eguneratu beharra dago, azaroaren 23tik aurrera ere deskargatu ahal izango dena, 00:00etatik aurrera. Une horretatik aurrera, ezin izango dira bertsio zaharrak erabili.

Erabiltzaileek erosketa aldez aurretik egin ahal izango dute erosterako unean indarrean eta aktibo dagoen aldi baterako txartela eduki zein ez eduki. Hilabeteko txartel horietako bat, lau dira guztira, indarrean badute, aldez aurretik erositako txartela erreserbako txarteltzat hartuko da hasiera-data heldu arte. Data hori erabiltzaileak aukeratu ahal izango du.

Era berean, aldi baterako txartela indarrean eta aktibo duen erabiltzaileak aukera izango du aldi baterako bonu bat erosteko baldin eta indarraldiak gainjartzen ez badira eta ezarritako epeen barruan badago. Aldez aurretik erosten den txartela eta aktibo dagoena ez dute zertan berdinak izan, modu eta eremu kopuru desberdinekoak izan daitezke, besteak beste.

EranskinaTamaina
PDF icon aurr_161118.pdf48.73 KB
17/11/2016

Eskerralde, Meatzalde eta Enkarterrietako 320 ikaslek parte hartuko dute aurten Aktibatu+ iraunkortasun programan.

Ekimen honen helburua pertsonen ohiturak aldatzea da, ur, energia, mugikortasun, erosketa eta hondakinen kudeaketari dagokionean, etxe zein ikastetxeetan iraunkortasuna sustatze aldera. Proiektuaren lehenengo lau faseetan 91 udalerritako 61 ikastetxek eta 1.964 familiak hartu dute parte. Aurreko edizioetan parte hartu duten ikastetxeek energia kontsumoan %17 aurreztea lortu dute, batez beste, eta CO2 isurpenak 1,8 tonatan murriztu zituzten; etxeek energiaren kontsumoan %5,2 eta uraren kontsumoan %3,5 aurreztea lortu zuten. Bestalde, %2,1ean murriztu zuten hondakinen sorkuntza eta %1,6an CO2 isurpenak.

aktibatu

EranskinaTamaina
PDF icon aktibatu_161117.pdf100.42 KB
04/11/2016

BGPak lizitatzera atera du Metro Bilbaoko Kabiezeseko behin betiko azpiestazioa eraikitzeko proiektuaren idazketa.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGPak) lizitatzera atera du Kabiezeseko behin betiko azpiestazioa, 145.000 eurotan eta 8 hileko egikaritze-epean, eraikitzeko proiektua. Proiektua idazteko zerbitzuaren lehiaketak irismena dauka; izan ere, proiektuak Iberdrola transformazio-zentrotik hargune elektrikoa, 2. lineara elikadura-hargunea, azpieztazio elektrikoa eta azpieztazioaren eraikina eraikitzea hartzen du barne. Hori abian jartzen denean, amaitutzat joko da Bizkaiko Santurtzi udalerriko puntu horretan egun dagoen behin-behineko azpieztazio operatiboaren jarduera, Kabiezesetik zirkulatu ahal izateko behin-behinean eraiki zena, hain zuzen.

Tren-unitateak katenariaren bitartez elikatzen dira; hau da, linea bakoitzan zehar estrategikoki jarrita dauden azpieztazioetan sortzen den energiaren bidez. Gaur egun, Metro Bilbaoren 2. lineak bi azpieztazio elektriko ditu Ansio eta Urbinagan, eta behin-behineko azpieztazio bat Kabiezesen (2. lineako tunelaren biseran behin betikoa funtzionatzen hasten denean itzaliko dena); instalazio horiek Metro Bilbaoko sare osoan zehar energia elektrikoa igorri eta banatzeko egokiak diren tentsio-mailak ezartzeko helburua dute.

EranskinaTamaina
PDF icon subkab_161104_eus.pdf46.39 KB
03/11/2016

BGP-k Barik-en 60.000 kargatze baino gehiago egin ditu sakelako telefonoaren bidez.

BGP-ren “Barik NFC” aplikazioaren bidez 60.000 kargatze baino gehiago egin dira, 400 bat egunean batez beste. 30.100 erabiltzailek doako “app” hori dagoeneko eskuratu dute, Android sistema eragilea duten sakelako telefono batetik Barik txartela kargatzeko aukera ematen duena.

Martxoaren 1etik, beraz, Barik txartela sakelako telefono adimenduen bitartez karga daiteke. BGP-k Google PlayStore-n aktibatu zuen “app” hori. Hari esker, denbora laburrean kargatzeko milaka puntu berri erantsi ahal izan dira, eta Bizkaian banatutako 800 fisikoei gehitu zaizkie (tabako dendak, kioskoak, kutxazainak, geltokiak...). Aplikazio berriari esker, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi beste aldiz, edozein tokitatik eta eguneko edozein ordutan. Horrez gain, geratzen den saldoari, azken mugimenduei eta beste gauza askori buruzko informazioa lortu ahal izango du.

Txartelen sistemen eremuan izaten diren azken aurrerapen teknologikoak, pixkanaka, Bizkaian ezarri nahi ditu BGPk; hain zuzen, proiektua BGPren politika horren barruan sartzen da. Lortutako datuei erreparatuz gero, arrakasta handia izan duela esan daiteke; izan ere, hasierako itxaropenak gainditu egin dira. Aplikazioa abian jarri aurretik, Barik txartelaren ohiko puntuetan kargatu ahal zitekeen txartela (Metro Bilbao, Euskotren, Euskotran, Renfe –FEVE barne-, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinak, tabako dendak, kioskoak, merkataritza lokalak eta BBK-ko kutxazainak); eta abendutik aurrera webgunean bertan (ctb.eus) ere egin daiteke. Gaur egun, 1,5 milioi Barik txartela daude.

EranskinaTamaina
PDF icon nfc_161103_eus.pdf48.04 KB
28/10/2016

BGP-k energia aurrezkailuak jarriko ditu Metro Bilbaoko eskailera mekanikoetan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (CTB) lehiaketara aterako du Metro Bilbaoko geltokietako eskailera mekanikoetan energia aurrezteko ekipoak hornitzeko eta jartzeko aldaketa. Zehazki, metroko 17 eskailera mekanikotan jarriko dira estreinakoz energia aurrezkailuak 30 motor berriren bidez; hala, egungo kontsumoa % 60raino murriztu ahalko da, 10.000 bat euro urtean eskailera bakoitzeko, eta inbertsioaren itzulkin tasa urtebeteko baino gutxiagokoa izango da. Indautxukoa hautatu da esperientzia pilotu hau aurrera eramateko, emaitza onuragarriak izan ditu, eta BGPk beste geltoki batzuetan apurka-apurka ezartzeko asmoa du.

Azken urteotan, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Metro Bilbaorekin batera, linean jarritako sistemetan zenbait jarduera egin ditu energia kontsumoa murrizteko asmoz. Geltoki batean gehien kontsumitzen duen sistema eskailera mekanikoarenak dira, lurpeko geltoki bateko kontsumo orokorraren % 50 baino gehiago. Horregatik, BGPk 172.000 euroko aurrekontua erabiliko du lehenengo energia aurrezkailu hauek sei hilabeteko epean hornitzeko eta jartzeko.

Metro Bilbaoko zenbait eskailera mekanikok, 2. linean batez ere, maiztasun erregulagailuak dituzte bidaiaririk ez badago energia aurreztu ahal izan dadin. Gainerakoak une honetan martxan/geldirik moduan programatuta daude, eskailerak bidaiariak antzematen dituen ala ez, horren arabera.

Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Metro Bilbao ahalegin handia egiten ari dira azken urteetan kontsumo elektrikoa murriztu dadin. Hala, ildo horretatik jarduera asko egin dira, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) diru laguntzak ere jaso dituzten jarduerak.

EranskinaTamaina
PDF icon aurrezkailuak_161028eus.pdf52.35 KB
25/10/2016

BGP-ren San Mameseko Arretarako Bulegoan egindako kontsultak bikoiztu egin dira irailean.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) San Mamesen duen Bezeroen Arretarako Bulegoan (BAB) egindako kontsultak bikoiztu egin dira irailean. Erregistratu diren 3.500 esku-hartzeetatik % 85 Barik txartelen kudeaketen inguruan izan da, batik bat, informazioa eskatzeko eta erreklamazioak jartzeko. Irailean, astelehenetan izan da kudeaketa-lan gehieneko eguna, 195 batez beste. Ekainean, aldiz, egunero 94 esku-hartze egin ziren batez beste; uztailean, 87; eta abuztuan, 85.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Bezeroen Arretarako Bulegoaren helburua herritarren eta Bizkaiko garraio publikoaren arteko harremana hobetzea da, izapideak azkartuz, arretaren kalitatea hobetuz, berori bultzatuz eta eskaerak, iradokizunak zein izapideak burutuz. Laburbilduz, xedea garraio publikoko bezeroen informazio-eskaerei erantzuna ematea eta Barik txartelaren kudeaketa-lanak zentralizatzea da. Ildo horretatik, BGPren BABk 23.688 kontsulta burutu zituen 2015. urtean.

Bezeroentzako Arreta Bulegoa San Mameseko Geltoki Intermodalean dago, hots, Bizkaiko lurraldeko lotuneen arteko punturik garrantzitsuenetariko eta erabilienetariko batean. Arreta zerbitzua ematen du 08:30etik 19:30era, bai eta 946855000 telefono-zenbakiaren bitartez ere.

EranskinaTamaina
PDF icon oac_161025e.pdf47.1 KB
18/10/2016

Bizkaiko Garraio Partzuergoak metroko 1. lineako Urduliz-Plentzia ibilbideko bihurgune-tarte bat hobetuko du.

Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) Kontseilu Nagusiak, gaur goizean Bilboko egoitzan egindako bileran, bidearen plataforma berritzeko lehiaketarako adjudikazioa onetsi du, Metro Bilbaoko 1. lineako Urduliz-Plentzia ibilbideko tarte batean dagoena. Guztira, 557.893 euroko aurrekontua eta hiru hilabeteko epea izango ditu. Bertan jasotako jarduketak hiru motatakoak dira, baina oinarrian orain egoera txarrean dauden bidearen elementuei erreparatuko zaie. Hala, 1 km inguruko tartea eguneratu ahal izango da.

BGPko Kontseilu Nagusiak, gaurko bileran, Metro Bilbaoko garraio-eskaintza sortzeko tresna eguneratzeko eta hobetzeko adjudikazioa ere onetsi du, 374.016 euroren truke eta hamabi hilabeteko epean egiteko.

Eguneko erabaki garrantzitsuenen artean, BGPren eta Metro Bilbao SAren aseguruak kontratatzeko lizitazioa ateratzea dago. Aseguruak 1.950.000 eurokoak dira urtean. Poliza horiek betetzeko interesa duten enpresak Europako lehiaketa honetara aurkez daitezke, BGPk partzuergorako eta Metro Bilbao SArako batera onesten duen zenbateko horren arabera.

BGPko Kontseilu Nagusiak gaurko egunean onartutakoen artean, azkenik nabarmentzekoa da merkataritza-mailegu batzuen interes-tasak jaitsi direla. Horri esker, hemendik eta 2026ra bitartean 5 milioi euro aurreztuko dira. Merkatuan interes-tasak baxu daudenez gero, Kontseilu Nagusiak finantza-entitateekin sinatuta dituen maileguen baldintzak berriz ere beherantz negoziatzea onetsi zuen ekainean, eta, beraz, emaitza hori ekarri du.

EranskinaTamaina
PDF icon cg_161018.pdf50.91 KB
21/07/2016

BGPk, CAFek, Euskotrenek, Euskal Trenbide Sareak eta Metro Bilbaok trengintza hiztegi espezializatua prestatu dute, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez; sektoreko 4.830 kontzeptu jasotzen ditu, eta Internet bidez kontsulta daiteke .

Hiztegia gaur aurkeztu dute, Bilbon, proiektuari lotutako erakunde eta enpresetako arduradunek. Elhuyar Fundazioaren Terminologia Sailaren lankidetzaz egin da.

Lan honen helburua izan da lau hizkuntzatan batzea sektorean erabiltzen diren terminoak eta jendearentzat eskuragarri jartzea.

Kontsultatu nahi duen edonorentzat eskuragarri egongo denez, hiztegi hau, trenbideen sektorearentzat ez ezik, itzulpengintzaren, kazetaritzaren eta hezkuntzaren sektoreentzat ere izango da baliagarria.

Halaber, proiektu honen bidez euskararen normalizazioa bultzatu nahi da. Lan honetan, euskara sektoreko terminologia dagoeneko zehaztuta duten beste hizkuntza batzuen maila berean jartzen da.

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak, Antonio Aizek, nabarmendu du hiztegia dela erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko lankidetzaren emaitza; izan ere, “taldean lan egiten jakin dute, gizarteari nolabait sakabanatuta dagoen terminologiaren zati handi bat batzen duen tresna berria emateko”.

Jarraian, Leire Canciok, Elhuyarreko zuzendariak, Fundazioak hiztegigintzan eta hizkuntza-teknologien sektorean duen esperientzia nabarmendu du, eta azpimarratu du hau bezalako proiektuak “ekarpen garrantzitsua direla tokiko eremutik hizkuntza anitzeko ingurunera, eta euskararekin dagoen gizarte-konpromisoaren adibide direla”.

Azkenik, Garbiñe Alkizak, proiektuaren zuzendari teknikoak, hiztegi berriaren ezaugarri batzuk aurkeztu ditu, besteak beste, trenbideen sektoreko 4.830 kontzeptu jasotzen dituela, 15 arlotan sailkatuta.

Alkizaren iritziz, “ erabiltzeko hiztegia da”, aurretik CAFek egindako beste elebidun batean oinarritzen dena, bai eta proiektuan parte hartu duten erakundeen dokumentazioan erabiltzen den terminologian ere.

07/06/2016

220 ikaslek euren ikastetxeetako energia-kontsumoa %5ean murriztea lortu dute; aitortza jaso dute egindako lanagatik.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasle horiek Aktibatu+ programaren laugarren edizioan parte hartu dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren Aktibatu+ ekimenaren helburua da iraunkortasunaren alde herritarren parte-hartzea sustatzea, eta honakoen laguntzaz garatu da: Eusko Jaurlaritza, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Eroski Taldea eta Metro Bilbao.

Global Action Plan – Ekintza Globalerako Programa (GAP) ardatz hartuta, Nazio Batuek babestutako nazioarteko programa hau ikuspegi positibo, ideia arrunt eta ekintza praktikoetan oinarrituta dago.

Ikasleak Busturialdea-Urdaibai, Mungialdea, Txorierri, Erandio, Getxo eta Leioako 19 ikastetxetakoak dira, eta bi modulu landu dituzte: alde batetik, energia-kontsumoa murriztea helburu duena; eta, bestetik, hondakinen ekoizpena murriztea, horien kudeaketa hobetzea eta erosketa-irizpide iraunkorragoak ezartzea helburu duena.

EranskinaTamaina
PDF icon 070616activate_eu.pdf77.77 KB

Orriak